XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): tema eta forma poetikoen desarroilo hutsetara mugatuko litzateke, gehien-gehienbat azterketa formal batetara.

Gurean, ordea, eta batez ere lehen, poetak ez dira poeta hutsak izaten: borroka sozio-linguistikoetan, politikoetan, ideologikoetan sartuta ibili izan dira.

Gure kultur eremutxoan elkar dependentziak oso gogorrak dira.

Eta batez ere kulturan dominanteak horrelakoxe borrokak zirenean, borroka haien eragina poesiaren gainean inportantea zen.

Borroka haietan, aldiz, oso modu desberdinetan egon dira poetak inplikatuta.

Gorabehera horiek azaltzera sartzen bagara, haien gakoa poesian aurkitzeko edo borroka haiek azkenean poesia-tik esplikatzeko arriskua dago, lehenengo.

Eta, gero, poetaren eta eragile kulturalaren paperak nahastekoa, biok oso bi gauza bait dira.

Har dezadan hiru autore.

Arestik, zer duda, merezimendu asko zuen, bai poeta bezala eta bai bestela.

Baina, oraingoan, bere merezimenduez gain, besteren batzuenak ere jaso ez ote dituen geratu naiz.

Batez ere beste autore batzuekin proportzioan (desproportzioan).

Gero, Krutwigen egiazko inportantzia (historikoa), poesiaren historia batetan, zertan datza: haren poesian, edo izandako eragin poetikoan, ala askoz geroago, eta beste eremu batzuetan, beharbada ezta euskaraz ere, izandako haren partean?.

Hirugarren autore bat: Joan San Martin.

Landak ez du bere azalpena egilez-egile jarraituz egin nahi, hari historiko bati jarraituz baizik.

Baina horrelaxe jokatzekotan, hain zuzen, iruditzen zait zaila, une historiko batetan behintzat San Martinek jokatu zuen papera ez aintzakotzat hartzea, poeta bezala (Otsalar) zein kritiko bezala, nahiz itzultzaile bezala, edo animatzaile bezala ere (Xanti Onaindia, etc., berdintsu).

Alde batetik poetak eta hauen obra dago, bestetik historia, desarroiloa: biok kointziditzen ez dutenean, uste dut, Landak azkenean egilez-egile diharduela, desarroilo baten eta haren baldintzapenen historigile gisa baino gehiago.

Horrela, uste dut autore-poeta batzuen paper historikoa gehiegitxo jaso duela; poeta gisa agian pisu gutxiago duten beste batzuen paper historikoa, aldiz, ez duela behar adina gogoratzen.

Historian, alabaina, poeta hoberena ez da derrigor eragile azkarrena gertatzen, Aitzolek erakutsi zuenez.

Kronologiari kontu egiteak ere ez dio kalterik egiten historiari.

Arestirekin hasi eta bertan ateratzen zaizkigu haren abertzale izatearen ala ez izatearen, proletaritzaren ala ezaren istiluak.

Baina horiek askoz geroagoko kontuak dira, haren poesigintza apenas ukitu zuten inoiz (poesigintza honen sorrera gutxien-gutxienik), beharbada gero haren (nahiko beranduko) irakurleren batzuentzat horiek datu inportanteak izan arren.